CAPE BRETON UNIVERSITY

Friday, 23 October, 2015 - 19:00
CAPE BRETON UNIVERSITY

JAUZARREA LANA KANADAN CAPE BRETON UNIVERSITY

Cape Breton-eko Unibertsitatean JAUZARREAren aurkezpena, Xabi Otero eta Stephen Oppenheimer-en (Oxford Unibertsitatea) parte-hartzearekin.

JAUZARREA LANA KANADAN OREINA URKIAN KANATA PROGRAMA

Joan den urrian, 12tik 31ra, JAUZARREA Kanadan izan da OREINA URKIAN KANATA programaren harian.

Horretaz guztiaz informazio zehatza emango da azaroaren 25ean SAN TELMO MUSEOAN izango den hitzaldian OREINA URKIAN KANATA zikloaren barruan.

2015eko urria Kanatan Laval-eko eta Cape Breton-eko unibertsitateek Jauzarrea gonbidatu zuten bere proiektua eta programak aurkeztera: ATLANTIAR eta OREINA URKIAN KANATA.

ATLANTIAR programa dagoeneko ongi ezaguna da Euskal Herrian azken urteetan 4 biltzar egin direlako bertan; eta OREINA URKIAN KANATA programa 2014tik hitzaldi bidez ari da zabaltzen (12 egin dira orain arte), hilero bana SAN TELMO MUSEOAn, museoaren beraren laguntza baliotsuari esker.

Oreina Urkian Kanata programa garatzeko, JAUZARREA lanean aritu da azken 5 urteotan Xabi Oterok ezarritako harreman edo kontaktuekin, behar den lan multidiziplinarra errazteko. Honela, dagoeneko bada lan-sare bat bere helburuetan aurrera egiten ari dena. 2015eko urrian Kanadako lan-periplo hau sare honen bidez hasi zen ASI Heritagek (Ontarioko Arkeologia Elkarteko kide gisa) Xabi Otero, Jauzarreakoa, eta Stephen Oppenheimer, Oxford Unibertsitatekoa, Midland-eko Biltzarrera (Georgian Bay, Ontario) gonbidatu zituenean, The Wendat and Their Neighbours (Huron-Wendat eta haien auzokoak) gaiaz.

Ekitaldi honetako 4 jardunaldiak Lehenengo Nazioekiko harremanen parte dira, eta horrek bilera ekarri zuen gero Wendake-n (Quebec), Huron-Wendat Nazioaren egoitzan, lankidetzarako gai zehatzak finkatzeko.

Ildo berean, JAUZARREAk lan-bilera egin zuen, Quebec eta Labrador-eko Lehen Nazioen 53 komunitatek osaturiko Batzarreko Osasun, Gizarte-gai eta Etikako-batzordearekin.

Laval-eko Unibertsitatean JAUZARREA aurkeztu zen, Xabi Otero, Stephen Oppenheimer (Oxford Unibertsitatea) eta Ron Williamson-en (ASI Heritage Ontario) parte-hartzearekin.

JAUZARREAk bultzatu eta antolatzen du OREINA URKIAN KANATA programa; proiektu multidiziplinar honen helburua euskaldunek Ipar Amerikako ipar-ekialdeko Lehen Nazioekin izandako harremanak jendartean zabaldu eta ezagutaraztea da; nazio horiek ipar-ekialdeko basoen eremu geografikoan daude: mendebaldetik ekialdera, Aintzira Handien eskualdetik San Lorenzo ibaiaren estuarioraino bere hedadura guztian, eta iparretik hegora, artikotik Labrador eta Ungava badiaren iparraldetik Amerikako Estatu Batuetako New England-eko egungo estatuetaraino.

Programa honek KANATA lurraldearen historiaren ikuspegia ematen du Ipar Atlantikoko bi aldeetako indigenen ikuspegitik: Ipar Amerikako ipar-ekialdeko Lehen Nazioak eta Europako Itsasertz Atlantikoko Lehen Euskal Nazioa.

Alde batetik, berauen azken 700 urteko harremanen historia eguneratzea. Bestetik, duela 20.000 urte inguru eskualde hartan izandako populatze goiztiarra argitzea. Bi alderdiak lan bateratu batean aurkeztuko dira: liburu gisa zabalkunderako, eta corpus multidiziplinar gisa, erabilera libreko datu-base batean integratuta. 70 espezialista (antropologoak, arkeologoak, genetistak, biologoak, fisikoak, klimatologoak, historialariak, idazleak, folkloristak, ahozko transmititzaileak, buruzagi tradizionalak, hizkuntzalariak, artista plastikoak, lanbide tradizionaletan adituak…) ari dira lanean informazioa prest izateko 2018an. Urte hartan Jauzarrearen biltzarra Kanadan egitea espero da, lurralde hartako hainbat erakunderekin lankidetzan

Hitzaldia Cape Breton-eko Unibertsitatekoa www.cbu.ca/news-events/events/a-mikmaq-history-month-presentation/


Mi'kmaq History Presentation Poster