EUSKAL ITSASONTZI ARKITEKTURA LABRADOREN ETA SAN LAURENDI ESTUARIOAN

Tuesday, 19 May, 2015 - 19:00

Sarrera librea. Aldi bereko itzulpena.
SAN TELMO MUSEOA
Diario Vasco | NOTICIAS DE GIPUZKOA

EUSKAL ITSASONTZI ARKITEKTURA LABRADOREN ETA SAN LAURENDI ESTUARIOAN

ANTOLATZAILEA:

LAGUNTZAILEA:

MINTZALDIA
AUDITORIUMA
2015eko MAIATZAK 19 · 19:00

EUSKAL ITSASONTZI ARKITEKTURA LABRADOREN
ETA SAN LAURENDI ESTUARIOAN


©Xabi Otero
©Xabi Otero

Euskaldunei eta Belle-Isle-ko itsasarteko ur hotz-hotzetan murgilduta duten historiari esker, neure herrialdea eta bere jendeak berraurkitzeko aukera izan nuen, oraindik ondo gordeta eta XVI. mendetik eta lehen aurkikuntzen garaitik oso hurbil dagoen testuinguruan. Egunez egun paisaia biluzietan, granito soilduzko kostetan bizi izan nintzen, Cartier-ek hain egoki, baina aldi berean hain bidegabeki, "Jainkoak Kaini eman zion lurraldea" esanez bataiatu zituen haietan. Kalifikazio bidegabea, zeren eta hainbat mendez lurralde hura mea-zain agortezina izan baitzen urre lehorra (bakailaoa) eta urre likidoa (baleek emana) arrantzatzen zuten euskaldunentzat, horrela ondo ulertzen delarik euskaldun haiek Terra Nova-rekiko zuten lilura. Robert Grenier. "EUSKALDUNEN LABRADOR", Otero Xabi eta beste egile batzuk, Txoria Errekan 1990.


©Xabi Otero
©Xabi Otero
Robert Grenier jantzi berezia egokitzen: ur beroko sistema zuen itsasoko uraren tenperatura hotz-hotzak (0ºC) jasan ahal izateko.

 

Robert Grenier. Arkeologoa.

Parks Canada-ko Urpeko Arkeologia Unitateko zuzendari ohia. UNESCO 2001 batzordea. Ottawa. Kanada.

 

Robert Grenier liluratuta geratu zen 1978an Ipar Amerikan aurkituriko itsasontzi zaharrenarekin: San Juan euskal galeoia zen, 1565ean Red Bay-n (Labrador) hondoratua. Trois-Rivières-en jaio zen 1937an, Letretan eta Antzinako Ikasketetan lizentziatura eskuratu zuen Laval-eko Unibertsitatean 1965ean. Arkeologia-arloko prestakuntza Louisbourg-eko (Nova Escotia) gotorlekuaren indusketa eta zaharberritze-lanetan lortu zuen 1963an. Urte berean, urpekaritzan hasi zen, eta horrek urpeko arkeologian, orduan hasi berritan zegoen jakintza-arloan, bide luzea egitera eraman zuen. 1968an, landa-prestakuntza osatu zuen duela 2.300 urte hondoratutako greziar itsasontzi baten indusketan, Kyrenia-n (Zipre). Hurrengo urtean, 1969an, Kanadako Parkeetako urpeko arkeologia-talde berrian sartu zen Ondoko Buru gisa, eta halaxe parte hartu zuen 1760an hondoratutako Restigouche euskal itsasontziaren indusketa handian "Baie des Chaleurs"en, Machault-en, eta Le Chameau itsasontziaren indusketan.

1978an, talde txiki batekin Red Bay-ra (Labrador) joan zen eta San Juan aurkitu zuen, 1565ean hondoratutako euskal baleontzia. Aurkikuntza horrek nazioartean ospea eman zion eta erabat aldatu zuen haren karreraren norabidea. Garrantzi handiko indusketa izan zen, munduko handienetako bat orduan eta lehenengoa Artikoko uretan 0º zentigradutan. Guztira 17.000 ordu emanda urpekaritzan, zortzi urtez Red Bay-ko indusketak zuzendu zituen, baita gero zenbait hamarkadatan laborategietan egindako ikerketa ere. 2.000 orrialdeko txostena, 2007an 5 liburukitan argitaratua, nazioartean erreferente bihurtu da, eta errekonozimendu gorenak ekarri dizkio, besteak beste Keith Muckelroy sari ospetsua, British Heritage-k emana. Bere karreraren bukaeran (1983-2008), Artikoan sei espedizio zuzendu zituen, bakarrik edo beste batzuekin, John Franklin-en itsasontzien, Erebus eta Terror, bila. San Juan ontziaren irudia UNESCOk bere logotipo ofizialerako aukeratu zuen, eta munduan ondare diren itsasontzi guztien ikur bihurtu zuen horrela. 2013an Red Bay-ko euskal aztarnategi edo kokalekua UNESCOren Munduko Ondarearen Zerrendan sartu zuten.

Bere zaletasun sutsuagatik eta urpeko kultura-ondarearen babes eta kudeaketa zorrotza egitearen aldeko borroka etengabeagatik Grenier-ek bere lankideen begirunea eta aitortza irabazi zituen eta ICOMOS / UNESCO, ICUCH Nazioarteko Zientzia Batzordeko lehendakari izateko hautatu zuten 1998an. Hautapen honek eman zion Grenier-i aukera zeregin garrantzitsua betetzeko 2001eko Nazioarteko Konbentzioa ekarri zuen eztabaidan. Robert Grenier-ek Nazioarteko Zientzia Batzordeko kide izaten jarraitzen du; orain erretiroan dago, Kanadako Parkeetan, urperatutako kultura-ondarea ikertu eta babesten, 40 urtez lan egin ondoren.


©Xabi Otero
©Xabi Otero
Badiaren zati bat: Eskuinean urpeko indusketaren pontoia. Horren eskuinera eta Saddle uhartean zehar, balea-koipea urtzeko labeak. Uhartearen mutur aldera lurperatuen lekua. Ezkerrean beste euskal itsasontzi zati hondoratu baten kokapena: "ontzi berri".

Euskaldunen nagusitasuna itsas ontzigintzan eta aurrekaririk gabeko berrikuntza-gaitasuna: Pasaiako San Juan ontziaren kasua, 1565ekoa: itsasontzirik ohoratuena eta ospetsuena munduko itsas arkeologiaren historian.
San Juan euskal baleontzia, Pasaian, Gipuzkoan, eraikia eta 1565ean Red Bay-n (Labrador) bere lehenengo bidaian hondoratua, arkeologiaren ikuspegitik aparteko laborategia da. Laborategi honek aukera ematen digu Errenazimentuko eta aurreko mendeetako euskaldunen gaitasun paregabeak eta ezezagun samarrak aurkitzeko. Gai izan ziren jarduera berriak (balea-arrantza) edo ontzigintzan eta itsasketan teknika berriak martxan jartzeko. Popako lema, txalupa edo tonajea bezalako berrikuntzek itsas mundua markatu zuten, euskaldunei aitortu gabe benetan zegozkien merezimenduak. Testu honek haiek itsas jardueraren hainbat alderditan egin zuten guztia eta aitortu ez zitzaiena aldarrikatu nahi du, eta bide batez herri honek izan zuen, eta normalean ezkutatzen den, gaitasun edo ahalmen ezezagun hura azaltzeko ahalegina da. ATLANTIAR-en testuinguruan, arreta San Juan ontziaren azterketan jartzen duen testu honek euskaldunek mendeetan zehar asmatu edo hobeturiko berrikuntza tekniko batzuk argitu nahi ditu. Haien jeinuaren alderdi honek aukera ematen digu beraien jatorriaz ere hausnarketa egiteko.

Urpeko indusketak 1979tik 1985era egin ziren. Uda oro, 3 hilabetez, dozena bat urpekari-arkeologok sistematikoki egin zuten San Juan aztarnategi edo kokalekuaren indusketa eta Red Bay-ko badia esploratu zuten hondoratutako aztarnen eta balea-hezurren bila, euskal teknologiaren zenbait alderdi berregiteko balio zezaketelakoan. Zortzi urtetan 17.000 ordu egin ziren urpean, 0ºC inguruko uretan murgilduta. 2x2 metroko sareta metalikoen sistema batek estaltzen zuen indusketa eta erreferentzia bertikal eta horizontal gisa erabiltzen zen egitura guztien eta aurkituriko objektuen datuak jaso eta marrazkiak, argazkiak eta filmaketak egiteko. Ur gainean, pontoian eta lehorreko instalazioetan, 20 teknikari eta laguntzaile gainerako lan osagarrietan aritu ziren. Garrantzitsuenak kontserbatzaileak eta marrazkilariak ziren. Uretatik ateratako objektuen zaintza oraindik urpean baina egun-argia ikusten zuten unean bertan hasten zen, eta fase guztietan ziurtatu behar zen: indusketan, itsasotik ateratzean, katalogatzean eta tratamendurako Red Bay-ko laborategira garraiatzean. Itsasontziak jarraitzen du objekturik garrantzitsuena izaten, bai bere tamainagatik eta bai informazio-iturri agortezina delako itsasontzien arkitekturaz.


©Xabi Otero
©Xabi Otero
Itsaspeko indusketaren gainean pontoia. Lehen planoan, euskal teilen hondakinak. Atzean, Red Bay-ko erdigunea, eta kaian, Parks Canadako laborategia.



©Xabi Otero
©Xabi Otero
San Juan itsasontziaren pieza bat ateratzen, aztarnategiaren gaineko pontoi-laborategira.



©Xabi Otero
©Xabi Otero
San Juan euskal baleontziaren hondakinak, Red Bay-n (Labrador) 1565ean hondoratua.



©Parks Canada/ifg Xabi Otero
©Xabi Otero
Euskal ontzigintzako arkitekturaren tradizio etengabeak tresnak eman zituen herri honen garapenean hainbat mendez garrantzi handiko eginkizunak gauzatzeko. Milurteko-erdi bat baino gehiagoz euskaldunentzat –hauen ezagutza teknologiko eta nortasunarentzat– Europako mendebaldeari garrantzi handiko ezagutza emateko gaitasuna suposatu du.



©Parks Canada / Ifg Xabi Otero
©Xabi Otero
Baleontziaren sekzioa, upelen zamarekin, neurri handi batean Europa argitzeko erabiltzen zen balea-koipearekin.



©Xabi Otero
©Xabi Otero
Lurperatze kolektiboak Saddle Island-en (Red Bay). 1983ko indusketa-kanpaina.



©Xabi Otero
©Xabi Otero
Balea Bizkaitarra edo Euskal Balea: Eubalaena glacialis.

Sarrera librea. Aldi bereko itzulpena.