UNAMA'KI
LOUISBOURG
Louisbourgeko gotorlekua Cape Breton Island Nova Scotia, Canada
Louisbourgeko gotorlekua, Cape Breton uhartean, Eskozia Berria (Kanada), indusketa arkeologikoen ondoren burutu den Ipar Amerikako berreraikuntza lan handiena da. Indusketak 1961urtean hasi ziren, eta beharrezko zen informazioa eskaini zuten egun ikusgai diren 32 eraikuntza eta gotorlekuaren laurdena bistaratzeko, guztia aurkitu diren aztarnen eta artxiboetako erregistroei jarraiki egina izan delarik. Honako herriska, Atlantiar Ozeanoaren aurrez aurre eta padura eta basoz inguraturik, bere historia laburreko puntu ertain batean girotua dago, 1744 urtean. Bere lubakidun harresiek, gobernadorearen jauregiak, burges ohoredunen etxeek, ostatu, biltegi, kaserna, okindegi, edaritegi, denda eta gainerako gisa guzietako jendeen etxebizitzek guneari zalantzaezinezko erakargarritasuna eskaintzen diote, establezimenduaren dimentsioak kontuan izanik. Guzti horrek interes bereziko ikusgai bilakatzen du egun Louisbourg ondare historikoa maite dutenentzat. Bertako zoko guztietan garaiko jantziez giroturik dauden herritarrak ikus daitezke ezker-eskuin, horri bisitariarekiko elkarreraginaren balio erantsia gaineratu behar zaiolarik.
Ekintza ezberdinetan parte har daiteke, bai eta XVIII. mendeko menu bitxiak dastatu ere bertako ostatuetan. Honako elkarreragina da batez ere esperientzia honetan parte hartu nahi izatera bulkatu gintuena. Louisbourgen antzezten diren pertsonaiak egiazkoak dira: negozianteak, artisauak, garnizioko soldaduak, funtzionariak, arrantzaleak, abenturazaleak edota indigenak: Mi'kmaq Nazioa. Denak daude bisitariarekin harremanetan, mestizaian dauden kulturen aniztasun inteligente baten erakusgarri gisa, garaiko bizi baldintzei erreparatuz, 1744. urtea alegia, zinezko begirunea merezi dutelarik horregatik. Baina testuinguru honetan doinu berezi bat falta zen; urtero Louisbourgera hurbiltzen diren 150.000 bisitarietako gehienentzat arrotz den hizkuntza bat aditu ahal izatea bertako kale edo ostatuetan, XVIII. mendeko une ezberdinetan populazioaren 20%ak erabili bazuen ere. Euskarari buruz ari gara, euskaldunen hizkuntzaz.
Louisbourg toki estrategikoa zen lurralde haien jabetza eskubidea berentzat hartu zuten bi potentziendako –lekuko biztanleen gainetik, Mi'kmaq herria–, frantziar koroa eta ingeles koroa, eta horregatik elkarren arteko deman zeuden baso eta urezko lurralde zabal haiek helburu harturik. Badakigu XVIII. mendeko dokumentuengatik euskaldunok presentzia nabarmena izan genuela Louisbourgen. Alabaina, honek ez zuen inolako islarik oro har Parks Canadako taldearen eszenaratzean.
Parks Canada eta Unama'ki College-Cape Bretoneko Unibertsitatearen egitasmoak, 2019ko Ekainetik aurrera Louisbourgen berriz ere euskara aditu ahal izatea ahalbidetuko du. Parks Canadan txertaturik egongo diren euskal ikasleek lekuan berean lan egingo dute, euskaldunen etxeetan, beren pertsonaiak antzeztuz haiek izango lituzketen jarduera orotan. Bisitariek euskara adituko dute, kantuak eta musika. Euskal kulturak –gure Mi'kmaq adiskideekin elkarlan estuan– mundura agertzeko erakusleiho aparta edukiko du, berez apartekoa den proiektu baten barnean. Denboraldi bakoitzean, 10 astez (400-800 ordu), euskal presentzia egongo da Parks Canadaren taldean, XVIII. mendeko beren jantziekin, garaiko musika tresnekin, berezkoetan oinarrituz erreproduzituak, dena xeheki zaindua. Kantu, dantza, musika edo euskal historia edo kulturari buruzko beste edozer alderdi ere erakusgai izanen dute.