ETXETIK GOTORLEKURA – GOTORLEKUAN – MUSIKA–KANTUAK–DANTZAK – GURE ZEREGINA–PROGRAMA MARTXAN JARTZEA
ETXETIK GOTORLEKURA
Gure etxetik Gotorlekura 5 bat kilometro dago. Batzuetan oinez joaten gara edo, bestenaz, bertan lan egiten duen norbaitek garamatza, adibidez, Sandyk. Sandy Anthony gure nagusia da, kokaleku historikoko arte eta ofizio zibilen interpretazio koordinatzailea.
Gobernadorearen jauregia eta troparen kuartela. Argazkia © Mirari Loyarte.
GOTORLEKUAN
Gure zereginen artean, ditugun jantzi ederrekin euskaldun gisa jarduteaz gain, Parks Canadako kide batzuei gure musika, kantu eta dantzen inguruan oinarri bat erakustea dugu. Horrela, aurkezpen bat egiten dugun aldiro, haien laguntza izanen dugu eta, behin guk Eskozia Berria utzita, euskal kulturaren arrastoa orain artekoa baino pixka bat handiagoa izanen da, gure tradizioen inguruko informazio minimo bat zabaltzen segituko dute bertakoek.
MUSIKA–KANTUAK–DANTZAK
Musikari bati pare bat kantu erakusten ari gatzaizkio, baita txistua jotzen ere. Gure adineko gazte bati zazpi jauzi dantza erakutsi diogu, aurreko egun batean talde batekin egin genuen bezala. Jendeak gustukoak ditu dantzak orokorrean, zirkuluan izanda jada desberdinak direlako. Dantzak irakasten ari ginelarik gustuko zituztela esaten ziguten, cool, nice zirela. Gainera, baziren begira geratzen ziren turistak ere, baita galderak egiten zituztenak ere. Giro atsegina sortu da tabernatik at.
Mirari eta Amets tabernetako baten aurrean, kaiaren parean. Argazkia © Parks Canada. Fortress of Louisbourg.
GURE ZEREGINA–PROGRAMA MARTXAN JARTZEA
Lehen aldia da Jauzarreak sorturiko programa Louisbourgeko leku historikoan martxan jartzen dena. Hortaz, Ametsi eta bioi dagokigu gauza guztietan lehenak izatea. Horregatik ari gara, era berean, etorkizunean ideia hau aurrera atera dadin behar diren zimentu minimoak garatzen. Gutxinaka hobetzen joanen direnak, noski. Bazen oso planteamendu orokor bat, Jauzarrearen eta Parks Canadaren artean aurreikusitakoa, orain egunerokoan eraikitzen ari garen guztiarendako pilare izaten ari dena.