DATU BERRIEK KONTZEPTU TRADIZIONALA ALDATU DUTE

DATU BERRIEK KONTZEPTU TRADIZIONALA ALDATU DUTE

Hizkuntza zeltikoen teoria aspaldikoa da. Pentsatzen da hizkuntza indoeuroparren azpimultzo zehatz honek Europako erdi-mendebaldean izan zuela bere jatorria Alpeen inguruan Burdin Aroaren hasiera aldera, hau da, K.a. 800-700 inguruan, eta gero mendebaldera zabaldu zela, Britainia Handi, Irlanda, Bretainia eta Iberiar Penintsularantz. Azken urteetan, ordea, ikuspegi hori ezin izan da mantendu. Eta hori, batez ere, Iberiar Penintsulatik datozen frogengatik, han aurkituriko lehenengo hizkuntza zeltikoei buruzkoak, eta Burdin Aroan arkeologia-aurrekariak falta direlako han zergatik dauden azaltzeko. Beraz, askoz atzerago begiratu behar dugu historiaurrean. Euskararen azterketen ikuspuntutik, horrek interakzio-aldi luzeagoa adieraziko luke zeltera bilakatu zen indoeuroparraren eta euskararen artean, hau oraindik munduan bizirik dagoen lekuan, eskualde zabal(ago) batean Europako hego-mendebaldean. Azken urteotan aldatu egin da hizkuntza-pentsamenduaren ildoa hizkuntza zeltikoen jatorriaz eta horien interakzio posibleaz indoeuroparrak ez diren hizkuntzekin, euskararekin bereziki eta egungo Katalunia inguruko iberiar hizkuntzekin erromatar-aurreko garaietan, eta aldaketa horren oinarrietako bat hizkuntza zeltikoen ezaugarria da beste hizkuntza indoeuroparrekin alderatuta: /p/ galtzen dute, jatorrizko /p/ hotsa. Badirudi hau euskararen eta iberiar hizkuntzaren historiaurreko lehen bertsioaren ezaugarri bat izan zela. Adieraziko luke eskualde hau, Euskal Herria eta antzinako Iberiar hizkuntzarena, izan zela ukipen-gunea, hemen indoeuroparra argi eta garbi zeltera bihurtu zelarik Europaren hego-mendebaldean euskararen antzinako formarekin eta Iberiar hizkuntza ez indoeuroparrarekin ukipenean. (2’ 35”)